Zirikiña Programa martxan jarri zanetik, martitzenetan Lehen Hezkuntzako 6D
ikasgelara joaten naz eta Elena andereñoari laguntzen deutsat saioan zehar.
Ordu honetan, ikasleek Nire Ordua proiektua lantzen dabe; hau da, ikasgai
batzuetako fitxak egin behar dabez bakarka. Halandabe, badagoz zailtasunak
dirala eta atzean geratzen diran ikasleak, eta honeei laguntzea da nire zeregin
nagusia.
Otoitza egin ostean, ikasleei fitxak banatzen deutseguz, batzuetan
fitxategietatik eurek hartzen dabezan arren. Jarraian, aurretik aipatu dodazan
zailtasundunei hurreratzen natxake. Gehienetan, mutiko bategaz egoten naz,
Elenak eta taldearen tutoreak laguntza handia behar dauala azpimarratu
baiteusten. Horrez gain, saioan zehar baten batek zalantzaren bat euki ezkero,
andereñoari itauntzeaz aparte, nigana etortea be badauka.
Lehenengo egunetan, arraroa egiten jatan 6Dra joatea, baina errez hartu
neutsan gustua. Izan ere, hasierako bizpahiru asteetan, lagundu behar nebazan
ikasleak lotsatu egiten ziran eta baita askotan blokeatu be.
Gitxinaka-gitxinaka aldiz, langileago eta lasaiago nabaritzen dodaz, eta horrek
asko pozten nau. Bete beharreko helburuak urruntxo geratzen jakezan arren,
txukuntasuna eta eginekoa ondo egitea moduko alderdiak estimatzen ikasi dabe batzuek,
eta horrek be asko esan gura dau.
Bestalde, egun baten, nik neuk zaindu behar izan neban taldea. Hasieran,
zelan jokatu ez nekiala, fitxak banatu nebazan eta lanean hasteko agindu
neutsen. Ikasleek jaramon egin eusten eta fin ibili ziran ordu osoan zehar.
Egun haretan, zertarako gai nazan ikusi neban eta horrek asko poztu ninduan.
Era berean, konturatu nintzan hamabi urteko neska-mutilek euren aldetik be asko
lagundu daikiela; izan ere, gura izan balebe, ni zoratzera arte astakeriak
egiten ibiliko zitzatekezan.
Mikel Bengoetxea Aristondo
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina